XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ASTEKO BERRIAK. Izituak

Jaun minixtroak omen ditugu arras izituak, zenbeit egun hautan.

Eta ez uste izan, hoinbertzetaraino katholikoen zuzenak zango pean ibili ondoan, hoien beldurra lotua dutela.

Ez; badakite zoin errech den, egungo egunean, katholikoez trufatzea, hoieri zampatanak bizkarrean edo beherachago emaitea; horra zertako gu bezalakoen kontra geroago eta tzarkiago ibili gogo duten.

Noren beldurra othe dute bada?.

Zozialisten beldurra, eta hoiena bakharrik.

Jadanik frango aldiz frogatu daukute hori; eta orai arterainoko frogak aski ez balire bezala, huna bertze bat egun hautakoa.

Orai duela zenbeit aste, polizako gizonek egin zioten berbala zozialisten aitzindari bati, zeren jaun horrek ezarri baitzituen, etche batetako leihoetan, bandera gorri batzu.

Dakizuen bezala, berbal baten ondotik heldu da auzi bat, eta auzi hortan jujeek emaiten diote hobendunari legeak manatzen duen kaztigua.

Bainan zozialist aitzindari horrek ukhan duen berbalak ez omen du ez auzirik, ez ondorio tzarrik izanen.

Gure jaun ministroek hola manatu dute: beldur dire hasarrearaz zozialist hoik; eta nola hoien beharra baitute beren karguetan egoiteko, bertzeentzat haizu ez direnak, hoientzat haizu uzten dituzte.

Beraz zozialistek ager detzazkete beren bandera gorriak deskantsuan, eta nehoren beldurrik gabe.

Bainan Jainkoak beira katholikoek agertzea Frantziako bandera Jesusen bihotz sakratuaren iduria erdian; jakinen dute laster zer den berbala, eta berbalaren ondotik heldu den auzia.

Horra nolakoa dugun gure oraiko Errepublika.

Nork erran lezake Errepublika ezarria dugula Frantzian, orok lege beraren eta zuzen beren ukhaiteko.

Langileak

Badakizue nola, Frantzia guzian, mia ziloetan lanean ari diren langileek bozkatzeak zituzten, erraiteko eia orok bethan lana utzi behar duten, ala ez.

Hainiz langile egon da bozik batere eman gabe.

Bainan boza eman dutenetan gehienek galdatu dute, orok bethan lanaren uztea.

Horra mehatchua; eta beldur izaiteko da, helduden ilhabethearen hastetsutik, mehatchuaren arabera gertha dadien.

Toki hoitako zozialist aitzindariek badituzte langileentzat erosiak bortzpasei mila chichpa, eta ez nolanahikoak; arras chichpa onak, oraiko chichpa berrien aitzinean soldadoek zabilzkaten hetarik.

Ezen, nola chichpa berriak baitire orai soldado guzientzat, minixtroek salarazi dituzte lehenagoko zaharrak, ihiziko edo bertze zerbeitetako balia diten.

Erran behar da, zerbeit bat makhurtua izan zaiotela chichpa hoieri barnean, ez dezaten tiro egin lehenago bezen urrun; bainan, orai diren bezala ere, hil dezakete gizon bat hiru ehun metretan.

Horra beraz zertan garen Frantzian langile hoiekin.

Egundik biharrerat aditzen ahal dugu, zozialist aitzindariek eman diozkatela chichpak eskuetan; eta orduan zer odol ichurtzeak behar ditugun ikhusi!.

Jaun minixtroak berak lotsatzen hasi dire, berri hoik entzun dituztenean; bainan zeren egiterat ausarta othe ditezke zozialisteri buruz?.

Aita Saindua

Egun hautan, uda azkenaz balia, Frantses hainiz joan da Erromarat, eta gehienek izan dute Aita Sainduaren ikhusteko atsegina.

Aita Saindua mintzatu zaiote Frantziaz, eta erran diote zer bihotzminak pairatzen dituen, gure herri dohakabean egitea diren lege tzarren gatik.

Huna bereziki zertaz den errenkura badela Frantzian hainbertze gizon, itchuraz bederen prestuak eta bihotz onekoak, zoinak bizkitartean ez-acholatuak bezala agertzen baitire lege tzarreri buruz.

Bertzalde, ez zaio iduritzen katholikoak aski artharekin lotuak direla oraino, helduden maiatzean behar ditugun bozkatzeetako lanari; nahi luke zerbeit onik antola balezate hortako aitzinetik, azken egunen beira egon gabe.

Aita Sainduaren hitzek higi-araziko othe dituzte, zerbeit bat egin ahal dezaketen gizon hoitarik andana on bat?.

Agian bai, eta berehala; ezen badugu zer egin!.

Emaztekiak

Ikhusirik gizonak ez direla aski higitzen, helduden maiatzeko bozkatzeeri buruz, emazteki katholiko andana bat elgarretarat bildu da Lyongo hirian, eta orok bethan izkiribatu diote, kazeten medioz, Frantziako emazteki katholiko guzieri.

Lyongo andre hoik othoizten dituzte emazteki katholiko guziak, beren egin ahalak egin detzaten, berrikitan onetsiak izan diren lege tzarren kontra.

Hoieri dago gizonen sustatzea, helduden maiatzeko bozkatzeek eman detzoten, Frantziari, orai arterainokoek baino deputatu hobeak.

Ongi hori.

Agian, emaztekien oihuek eta kixkolek atzar-araziko dituzte gizon dorphe hoitarik hainisko!.

Handik eta hemendik

Greziako errege Parisen dugu, zenbeit egun hautan.

Ez dute erraiten chuchen zertako jina den.

Gure Errepublikako Presidentarekin bazkaldu du, joanden larumbatean.

- Ruziako herriska bat osoa erre da, hiru ehun eta berrogoi-ta-sei etcheekin.

Sua joan da auzoko herriraino, eta han ere erre ditu hogoi-ta-bi etche.

Errech da amestea, zertan diteken toki hortako jende gaichoa.

Ez da hiltze hainitzik izan: hiru haur eta emazteki bat bakharrik.

- Turkiarekin dugun makhurra ez da oraino antolatua.

Erresuma hortako moltsa hustuchea omen da, hainbertzetaraino non, egun hautan, emperadorearen kuzinerek utzi baitute beren lana, ez zetzaketelakotz aspaldian beren soldatak izan.

Beraz ez da errech izanen bere zorren erresuma horri paga-araztea.

- Angleterran, bethi soldado eskasa dute Afrika zolarat igortzeko.

Orai ere, harat igortzen zituztenetarik berrogoi-ta-hamar norapeit suntsitu dire, untzirat iragaiteko orduan.